Lur Terapia Naturalak

Bendaje neuromuskularra

Denbora laburrean, bendaje neuromuskularrak edo Kinesiotaping delakoak leku garrantzitsua hartu du terapeuta askoren eguneroko lanean. Izan ere, gorputzaren berreskuratze-prozesua optimizatzen du, eta horregatik egin da hain ezaguna bezeroen nahiz profesionalen artean.

Metodoaren oinarriak 70eko hamarkadan ezarri ziren Asian —batez ere, Korean eta Japonen—, mugimendua eta muskuluen jarduerak osasuna mantentzeko eta berreskuratzeko duten ezinbesteko izaeran oinarrituta. Metodo horren arabera, muskuluak beharrezkoak dira mugimenduetarako, baina, horiez gain, eragina dute odol-zirkulazioan eta zirkulazio linfatikoan eta gorputzeko tenperaturan. Muskuluek funtzionatzen ez badute, hainbat sintoma eta lesio eragin ditzakete.

Bendaje neuromuskularra aplikatzeko, kotoizko esparadrapu elastiko bat erabiltzen da, geruza itsasgarri antialergiko bat duena. Esparadrapu horrek muskuluen funtzioei laguntzen die, gorputzaren mugimenduak mugatu gabe.

Bendaje neuromuskularra

Ezin hobea da kirol-jarduerak eta artikulazioen mugikortasun osoa behar duten jarduerak egiten dituztenentzako. Esparadrapuak azalarekiko duen elastikotasunaz baliatzen da teknika. Hala, lehenengo, tratatu beharreko gorputz-zatia luzatzen dugu, muskulaturarekiko eta artikulazioekiko elongazio-jarreran, eta, ondoren, esparadrapua itsasten dugu. Gorputz-atala hasierako jarrerara itzultzen denean, esparadrapuaren elastikotasunaren bidez, azala goratu egiten da pixka bat, eta “konboluzio” izeneko uhindurak sortzen dira. Hartara, larruazalpeko espazioa —besteak beste, kapilar prelinfatikoak, hodi kapilarrak eta hainbat zentzumen-errezeptore daude espazio horretan— handitzen dugu.

Bendaje neuromuskularrak, besteak beste, efektu analgesikoa du, presioaren murrizketa bidez, eta zirkulazioa hobetzen du. Adibidez, teknika honekin, ohikoa baino denbora herena gutxiago behar da hematoma bat kentzeko.

Azala goratzeko funtzioaren bidez, berehala murrizten da hanturazko prozesuetan minaren errezeptoreek izaten duten presioa eta estimulazioa. Hala, odolaren zirkulazioa berrezarri, ebakuazio linfatikoa gauzatu eta mugikortasuna handitzen da.

Laburtuz, hauek dira bendaje neuromuskularraren efektuak:

1. Analgesia.

2. Muskulu-tonua erregulatuz muskuluen funtzioa hobetzea.

3. Artikulazioen funtzioari laguntzea, hauen bidez:

  • Propiozepzioaren estimulazioa.
  • Artikulazioen posizioa zuzentzea.
  • Mugimenduaren norabidea zuzentzea.
  • Egonkortasuna hobetzea.

4. Odolaren zirkulazioaren blokeoak eta ebakuazio linfatikoa ezabatzea.

Aplikazio berriei eta beste terapia batzuekin konbinatzeko aukera zabalei esker, bendaje neurmoskularra oso erabilgarria da, eta edozein eskuzko tratamenduren osagai ezin hobea.