Lur Terapia Naturalak

Elikadura energetikoa

Modu asko daude komeni zaigun elikadura-mota aztertu eta finkatzeko eta behin-betiko dieta egokia aurkitzeko. Gure zentroetan bezero bakoitzari egokitutako proposamena egiten dugu, bakoitzak ondo jaten ikas dezan. Elikaduraren bidez osasuna hobetu nahi duten orori zuzenduta dago gure zerbitzu dietetikoa.

Jaten ditugun elikagaiek etengabe baldintzatzen dute gure egoera fisikoa, mentala eta emozionala. Elikaduraren bidez jasotzen dugu egunero behar dugun energia, eta, horregatik, besteak beste, oso garrantzitsua da alderdi hauek kontuan izatea: elikagaien kalitatea, prestatzeko modua, produktu jakin batzuk kontsumitzeko une egokiena, eguna ondo elikatuta amaitzeko modua, mantenugaiek xurgatzeko eta metabolizatzeko duten gaitasuna hobetzea eta hondakinak ondo kanporatzea.

Hori horrela izanik, elikagai-sendagai kontzeptua azpimarratu nahi dugu. Alegia, jatordu bakoitzak kalte edo mesede egin diezaioke gure osasunari. Modu osasuntsuan elikatzen ikasten badugu, gure bizi-kalitatea hobetuko dugu, gure digestio-, zirkulazio-, muskulu-sistemak eta sistema endokrinoak erantzuteko duten gaitasuna handituko dugu, eta, finean, gure organismoak dituen baliabideak indartuko ditugu.

Elikadura pisua irabazi edo galtzeko bitarteko huts gisa ikusten duen gizartean bizi gara. Elikadura klasikoak kaloriei eta bitaminei buruz dituen oinarri-oinarrizko kontzeptuetatik haratago, oso antzinako kulturek beste hainbat kontzeptu erabili izan dituzte hainbat gaixotasun eta osasun-egoera hobetu, prebenitu eta sendatzeko.

Dieta bakoitza pertsonaren ezaugarri jakinetara egokitu behar da (sexua, bizilekua, lana, adina, gaixotasuna, gaixotzeko joerak… ). Hala, xehetasun guztiak kontuan hartzen dituen dieta pertsonalizatua proposatzen dugu, pertsona bakoitzaren beharretara eta gaixotasun edo joera patologikora egokituko dena. Geure ustez, ondo elikatzea da gaixotasunak prebenitzeko lehenengo pausoa, eta, kasu askotan, dieta egokiarekin abiatzen da sendatzeko bidea.

Gure zentroetan dieta espezifikoak egiten ditugu gorputzeko energia eta kontzentrazio fisiko eta mentala handitzeko, erlaxatzeko, larritasuna eta antsietatea gutxitzeko, gorputza garbitu, argaldu eta desintoxikatzeko, estresaren edo ariketa fisikoaren ondorioz gure gorputzak jasan duen higadura berreskuratzeko, digestio-gaitasuna hobetzeko…

Aste gutxiren buruan nabarituko ditugu gure elikadura aldatzearen ondorioak: energia-tonua hobetu, digestioa arindu eta egoera mentala hobetu egingo da eta lasaitasun emozionala lortuko dugu. Izan ere, azken batean, jaten duguna gara…